Hemen duzue guk aukeratutako lehenengo ekarpena:
Teknologia berriak: Teknologia berriak hezkuntzan
LASKIBAR, Iker. Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan trebatua Ekarpena
Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?
Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Nire ustez, arrazoiketa hori gezurrezkoa da. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.
Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dexente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina, denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.
Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidal dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez. Informazio digitalaren iraultza ulertzeko, esan daiteke, adibidez, diskete batean 870 orriko testu bat gorde dezakegula eta CD batean ia 600.000 orriko testua.
Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.
Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztietaz hurrengo artikuluetan arituko gara
Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu.
Hedabideek , orokorrean, et ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.
Nire ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zait, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Nire ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea.
Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan sartuta gaudenok ez dakigu nola aldatuko diren gauzak, ezta norantz aldatuko diren ere. Nolanahi ere ziur gaude mundu hau mugitzen ari dela. Eta nahitaez Teknologia Berriak eta hezkuntza nonbait topatuko direla dirudi•
Gure iritzia:
Teknologiaren eta hezkuntzaren loturari buruz hitz egiten duen artikulu bat eskuratzen dizuegu.
Artikulua ikusi ahal izateko web orria: http://www.hikhasi.com/artikulua/707#artikuluak
Artikulu hau aukeratzearen arrazoia?
Teknologia berria hezkuntzari aplikatzearen garrantzia aipatzen zuen artikulu baten bila genbiltzan, eta sarean nabigatzen, hezkuntzari aplikaturiko teknologia berrietan aditua den Iker Laskibarren artikulu hau tapatu dugu.
Artikuluari buruzko iruzkina:
Artikulu honetan, Iker Laskibarrek, ordenagailuak eta internet eskolan erabiltzeko arrazoi ezberdinak aurkezten dizkigu. Ordenagailuak hezkuntzan izan duten ibilbideari buruz, eta interneten sorreraren ondoren teknologia berriek hezkuntzan hartu duten indarraz hitz egiten du bertan.
Ikerrek aipatzen du nola teknologia berriek irakasleon lana errazten duten. Batetik, informazioa eskuratzea askoz errazagoa delako, eta bestetik, informazio hau bidaltzea, gordetzea, elkartrukatzea… mila aldiz errazagoa delako. Teknologia digitalei esker, liburuak eta paperak albo batera utzi ditzakegu, eta behar dugun informazio guztia “clik” bat eginez lortu dezakegu.
Honek aurrerapen handia suposatzen du hezkuntza mailan, irakasleen artean, informazioa elkartrukatzeko aukera dagoelako, eta baita beste hiri eta estatu batetako irakasleekin ere. Informazioa habiadura handian eskuratu, gorde, eta bidali dezakegu, eta honek gure lana errazten du.
Aurretik aipaturiko arrazoiengatik, informazio iturri honek, gure saioak hobeto prestatu eta jorratzeko aukera eskaintzen digu.
Gainera, komunikazio hau ez da soilik irakasleen artean izan behar. Internetez baliatu gaitezke ikasle zein gurasoekin kontaktuan mantentzeko. Eskolaren web gune bat egiteko aukera dago, eta bertan klaseko informazio guztia ( eskola curriculuma, etxeko-lanak, azterketen egutegia, klaseko ordutegia, irteerak… ) eskegi, guraso eta ikasleen esku egon dadin.
Azken finean, eskolan internet izateak ematen dizkigun abantailetaz mintzatzen da artikulu honetan, eta esan beharra dago, teknologia berriak aurrera pauso handi bat direla hezkuntzan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario